Gaurko
klasean, oso gutxitan egiten dugun ekintza burutu dugu, hau da, minutu batzuk
hartu ditugu gure haurtzaroko garaiaren inguruan pentsatzeko. Horretarako,
denboran atzera jo dugu, noizbait oroimenean galdu genituen ume garaiko oroitzapenetarantz
bideak irekiz.
Irakasleak
haur hezkuntzan erabiltzen ziren hainbat materialen argazkiak ekarri dizkigu,
batzuk besteak baino ezagunagoak. Honako hauek izan dira:
Mundu bola: Egia esan behar bada, haur hezkuntza garaian mundu bola erabili genuenik
ez gara oroitzen, baina bai lehen hezkuntzan. Hala ere baliagarria iruditzen
zaigu haurrak pixkanaka-pixkanaka munduaren irudi bat egiten hasteko eta gu geu
munduan zehar kokatzeko. Beste alde batetik, lurra eta ura bereizteko ere modu
egokia da eta lurraldeen banaketa kolore ezberdinez adierazita egoteak ere
gauzak errazten ditu.
![]() |
| Rubio liburuxka |
Rubio liburuxka: Liburuxka hauek ezagunagoak egiten zaizkigu taldekide
batzuei besteei baino. Idazteko lehen urratsak liburuxka hauekin eman genituen
eta horrelaxe ikasi genuen, pixkanaka-pixkanaka punttuei jarraituz motrizitate
fina kontrolatzen. Hala ere, liburuxka hauekin lan egitea ez zitzaigun asko
gustatzen, oso aspergarriak egiten baitzitzaizkigun. Gainera, bakarka egiten
genituela oroitzen gara, bakoitza bere erritmoan jarduten zen eta jarduera
hauek burutzeko zailtasunak zituztenak pixkanaka motibazioa galduz joaten
zirela iruditzen zaigu, besteak oso aurreratuta ikusten heinean. Hala ere,
makina bat liburuxka betetakoak gara, punttutik punttura salto eginez
arkatzaren laguntzaz.
Abakoa: Abakoarekin oso ondo gogoratzen garen arren, Lehen Hezkuntzan gehiago
erabiltzen genuela oroitzen gara. Batez ere, eragiketak egiteko erabiltzen
genituen, hau da, batuketak eta kenketak modu erraz batean. Haur hezkuntzan
eragiketak baino gehiago zenbatzeko erabiltzen genituen eta koloreek
erraztasuna ematen ziguten.
![]() |
| Puntuen fitxa |
Gaurko
ariketa honekin haurtzaroraino egin dugu salto. Askotan ohartzen ez garen
arren, milaka oroitzapen ditugu geure buruan biraka eta hauek azaleratzeko
ohiturarik ez dugu. Gaur gure txikitako gorputzean sarturik hauek arrantzatzen
saiatu gara eta gure txikitako oroitzapenen bonbardaketa jaso dugu bueltan.
Ariketan zehar, lagunen artean gure esperientziak elkarbanatu ditugu barre eta
algara artean.
Urteak
aurrera egin duten heinean, geure burua haurren lekuan jartzea aberasgarria
iruditu zaigu, garai hartako hezkuntza sistema eta irakasleek erabiltzen
zituzten materialei buruz hausnartzeko. Gizartea etengabeko aldakuntzan
badabil, geuk ere irakasteko materialei arreta eskaini beharko genieke, hauek
ere agian beste metodo batzuengandik aldatu beharko liratekelako.





No hay comentarios:
Publicar un comentario